top of page

Lan munduan parte hartzen duten eragileak

Behin kontratua sinatu eta lanpostura heltzen garenean, gure egoera baldintzatzen duten zenbait eragile aurkitu ditzakegu. Alde batetik gure lan baldintzak eta gure interesak defendatzen dituzten erakundeak daude, sindikatuak; bestetik, enplegua ematen duten pertsonen, patroien edo enpresa jabeen interesak defendatzen dituztenak; eta tartean, bi sektoreen arteko bitartekari lana betetzen administrazioa dago. Administrazioak lan mundua erregulatzeaz gain legeak betetzea bermatzen duten mekanismoak ere erabiltzen ditu:


Sindikatuak


Sindikatu bat langileek mundu laboralean euren interes sozial, ekonomiko edota profesionalak defentsan jarduteko sortzen duten erakundea da. Sindikatu bat aktore sozial ezberdinen nahasketa bezala definitu da askotan, alde batetik interes talde bezala jokatzen duelako baina gizarte mugimendua ere badelako.

Interes talde dagokion ikuspuntutik interesak batzen dituzten talde boluntarioak dira administrazioak interes hauek asetu ditzan erabaki publikoen bitartez. Gizarte mugimenduek, interesa batzen dituzte ere, baina helburua lortzeko ez dira zuzenean administrazioari zuzentzen, baizik eta harreman sarea sortzen dute.

Badaude beste faktore batzuk sindikatuak baldintzatzen dituztenak. Boterearekiko zuzentzeko eran bi mota ezberdinetan jokatzen dute, botereak bere afiliatuen aldeko erabakiak hartzea lortu nahi duten bitartean boterea aldatzeko hautua ere defendatzen dute. Antolaketa ere bi motatakoa da, alde batetik interes taldeen hierarkia mantentzen dute, baina era berean ahal duten horizontalen antolatzen saiatzen dira, gizarte mugimenduak bezala. Estrategia gizarte mugimendutik jaso dute, boterearekin konfliktoa bilatzen dutelako boterearen oinarriak aldatu ahal izateko.

Hau guztia ikusita, argi geratzen da sindikatua “zentauro” moduko bat dela, bai gizarte mugimenduen bai interes taldeen ezaugarriak batzen dituelako bere izaera definitzeko orduan.

Sindikatuen jatorria gremioetan kokatu daiteke XIX. mendea baino lehen. Iraultza industrialaren ostean, langileak estatua interpelatzen hasi ziren langileen tratu txarra ekiditeko, garai honetan langileekiko gehiegikeriek ez baitzuten mugarik. Helburu honen bidean, langileak borrokatzeko antolatzen hasi ziren sindikatuen sorrera emanez. Bigarren fase baten, enpresen tamaina izugarria handia bihurtu zen eta langileen kopurua handitzean, euren mobilizazio gaitasuna ere; orduan, enpresariek negoziatzeko hautua hartu zuten. Hurrengo epea, bigarren mundu gerraren osteko garaian, konfliktibitate gutxieneko epea izan zen. Estatuak esku hartzea erabaki zuen eta hiru eragileen arteko negoziazioari ekin zioten (sindikatuak, patronala eta estatua). Estatuak hiritarren aldeko erabakiak hartu zituen eta sindikatuek euren postura radikalak alde batera utzi zituzten. Azkenik, 70ko hamarkadatik aurrera gaur egun gauden garaira arte, egoerak txarrera egin du langileentzat, beste arrazoien artean estatuek langileen aldeko esku hartzeari lagatzen diotelako.

Sindikatu motei dagokionez lau mundu banatu ditzakegu, euren ideologia kontuan harturik: laborista, sozialdemokrata, kristaua eta komunista. Hauetaz gain sindikatu ekonomizista ere kontuan hartu behar da, interes talde huts bezala funtzionatzen dutenak, euren afiliatuen interesen alde jokatuz inongo ideologia kontuan hartu barik.

Bestalde, barneratzen dituzten langileen araberako sailkapena ere egin dezakegu: Enpresako sindikatuak, enpresa berdineko langileez sortua; inter enpresa, bi edo enpresa gehiagoko enpresak batzen dituena; langile independenteena; langile ebentualena; industria sindikatuak, sektore berdineko langileak pilatzen dituena; eta ofiziokoa, lan, ofizio edo espezialitate berdina lantzen duten pertsonak defendatzen dituena.


Sindikatuak Euskal Herrian


Euskal Herriko mapa sindikala banaketa nazionalean erabat polarizatuta dago. Banaketaren alde baten UGT eta CCOO aurkitu daitezke eta bestean ELA eta LAB.

UGTri dagokionez XIX. mendeko amaieran finkatu zen Bizkaiko meatzalde eta eremu siderurgikoetan STV (Solidaridad de los Trabajadores Vascos) sindikatuari aurre egiteko. STV ELAren aurrekaria da, EAJ alderdiaren laguntzari esker sortu zena. Frankismoko garaian bi sindikatuen oinarri ziren alderdiak, EAJ eta PSOE, exilioko eusko jaurlaritzako kide izan ziren eta errepresioa jasan behar izan zuten.

Diktaduraren ostean, frankismo amaierako langile mugimenduaren oinarrituz LAB sindikatua sortu zen banaketa nazionalaren alde euskaldunean, eta ia jarraian CCOO sindikatuko federazioa ere banaketaren beste aldean. Beraz, trantsizio garaitik aurrera lau mundu sindikal definiturik geratu ziren:




Egoera honetan, sindikatu-patronal harremana erabat izozturik egon da batez ere euskal sindikatuei dagokionez, nahi eta azken hilabeteetan negoziazioak berpiztu diren (http://bit.ly/2grQQcE).



Sindikatuak enpresan


Langile guztiak sindikatzeko eskubidea daukate militarrak, epaileak, magistratuak eta fiskalak egoera aktiboan daudenean izan ezik. Pentsionista eta jubilatuak ere afilia daitezke baina ez euren intereserako sindikatuak sortu. Gainera, edozein sindikatura afiliatzeko eskubidea dago eta ezin da norbait sindikatu batera afiliatzera behartu.

Sindikaturik dauden langileak sekzio sindikalak sortu ditzakete enpresa barruan, baita bilerak aurrera eraman, kuotak jaso eta informazioa banatu lan orduetatik kanpo ere. Sekzio sindikalak sindikatuen jarraibideen arabera sortu behar dira eta negoziazio kolektiborako eta informazio tabloi bat edukitzeko eskubidea daukate.

Sekzio sindikalak delegatu sindikalen bitartez ordezkaturik egongo dira enpresa batzordean edo enpresan ordezkariak badituzte eta 250 langile baino gehiago badaude. Delegatu sindikalen estatusa ezberdina da enpresa batzordeko kideak ez badira, nahiz eta garrantzitsuak izan baita ere, berme legal berdinak, entzunak izateko eskubidea eta batzordeko kideek jasotzen duten informazio berbera jasotzeko eskubideak dituztelako.

Delegatuek ordu askeak hartzeko aukera dauzkate, lan egin beharrean funtzio sindikalak betetzeko orduak trukatzea hain zuzen. Orduak enpresaren tamainaren araberakoak dira baina bateragarriak eta transferigarriak. Beraz, delegatuen ordu guztiak pertsona berdinean metatzen badira, pertsona horrek ez luke lanik egingo, “liberatua” egongo litzateke funtzio sindikalak soilik bete ahal izateko.



Langileen ordezkaritza kolektiboa enpresan bi organoren bitartez gauzatzen da, bata indibiduala, langileen delegatua, eta bestea kolegiatua, enpresa-batzordea. Organo hauek enpresako langile guztiak ordezkatzen dituzte, beraien interesak defendatuz. Langileen delegatuak eta enpresa batzordeetako kideak langile guztien artean hautatzen dituzte, eta derrigorrez enpresako langileak izan behar dute. Azpimarratu behar da bi organoek funtzio eta berme berberak dituztela; beraz bien arteko desberdintasuna ez da kualitatiboa, kuantitatiboa baizik. Enpresa-batzordeak aurkituko ditugu lantoki batean 50 edo langile gehiago daudenean, eta langile-kopurua txikiagoa denean langileen delegatuak egongo dira, gutxienez 6 langile baldin badaude.

Langileen delegatuak ordezkaritza kolektiboko organo indibidualak dira 50 baino gutxiago eta 10 baino langile gehiago dituzten lantokietan. Langile-kopurua gehienez 30ekoa denean delegatu bat egongo da, 31 eta 49ren arteko langile dauden kasuetan langileen hiru delegatu izango direlarik. Azkenik, lantokiko langile-kopurua 6 eta 10 artekoa denean langileen delegatu bat egon daiteke; erabakia langileen esku uzten du legeak.

Delegatu bat baino gehiago daudenean, batera jardungo dute. Erabakiak hartzeko orduan desadostasunak baldin badaude, gehiengoaren iritzia nagusituko da. Enpresa-batzordea organo kolegiatua da. Bere kideen kopurua gutxienez 5ekoa eta gehienez 75ekoa izango da. Elementu hau zehazteko legeak eskala bat ezartzen du, kideen zenbatekoa langileen kopuruaren arabera ezartzen delarik.



Enpresa-batzordearen barne-funtzionamenduari dagokionez, derrigorrezkoa da kideen artean mahaiburua eta idazkaria aukeratzea. Era berean, prozedurako erregelamendu propioa egin behar dute barne-jarduera erregulatzeko. Batzordea bi hilero bildu behar da, edo kideen herenak ala ordezkaturiko langileen herenak honela eskatzen duen bakoitzean.

Enpresa-batzordeak hiru motakoak izan daitezke: enpresa-batzorde arrunta, enpresa-batzorde bateratua eta lantoki arteko batzordea. Enpresa-batzorde arrunta osatuko da 50 edo langile gehiago dituzten lantokietan. Enpresa-batzorde bateratua eratuko da enpresa batek bi edo lantoki gehiago dituenean probintzia berean edo udalerri mugakideetan, lantoki horiek bakarka kontsideratuta ez direnean 50 langileko kopurura heltzen, baina bai lantoki desberdinetako langileak batuz gero. Kasu hauetan lantoki guztietarako enpresa-batzorde bateratua eratuko da. Lantoki arteko batzordea hitzarmen kolektibo baten bitartez bakarrik sor daiteke. Gehienez 13 kide edukiko ditu, lantokietako batzordeetako kideen artean hautatuak, eta bere osaeran sindikatuen proportzionaltasuna kontuan hartu behar da, hauteskundeetako emaitzen arabera. Lantoki arteko batzordearen funtzioak sortutako hitzarmen kolektiboak ezartzen dituenak izango dira.

Ondoren langileen delegatuak eta enpresa batzordeetako kideak komunean dituzten zenbait ezaugarri ikusiko ditugu: agintaldiaren iraupena, errebokazioa eta ordezkapena. Ordezkari bateratuen agintaldiaren iraupena 4 urtekoa izango da, eta, epe hori amaitzean hauteskunde berriak ez badira sustatzen, agintaldia luzatu egingo da. Ordezkari berak berrautatuak izan daitezke, mugarik gabe. Errebokazioari dagokionez, ordezkariak hautatu dituzten langileen herenak honela eskatutako asanbladaren bitartez gerta daiteke, bilera horretan langileen gehiengo absolutua errebokazioaren alde azaltzen baldin bada. Hala ere, errebokazioa ezingo da gertatu hitzarmen kolektibo bat izapidetzen ari den bitartean, eta ezin da birplanteatu ordezkari beraren errebokazioa azken proposamenetik gutxienez 6 hilabete igaro arte. Edozein arrazoiagatik ordezkari bateratu baten lekua bete gabe gelditzen bada, legeak honako erregelak aurreikusten ditu: postua bete gabe uzten duena langileen delegatu bat baldin bada, hauteskundeetan bozetan hurren geratu den hautagaia izango da ordezkaria. Enpresa-batzorde bateko kide bat denean ordeztu beharrekoa, ordezkoa hautagai-zerrenda bereko hurrengo langilea izango da. Bi kasuetan ordezkapenak agintaldia bukatu arte iraungo du.


Patronalak


Patronala lan harremanetako zenbait ezaugarri erabakitzen duen pertsona taldeari esaten zaio, esaterako kontratazioaren baldintzak, lan baldintzak edo kaleratzeak. Ez daukate ideologiarik eta euren interesen defentsan jokatzen dute beti, euren helburua etekin ekonomikoak hobetzea izanik.

Bere jatorria frantziar iraultza ostean kokatu daiteke, bertan sortu baitziren lehen enpresari elkarteak arazo fiskalak edo arantzelak borrokatzeko. Hala ere, lehenengo patronal antolatuak II. Mundu gerraren ostean eratu ziren benetako interes talde bezala. Momentu hartatik aurrera erakunde diziplinatuak eta sektoreka antolatuak bihurtzen dira.

Espainian adibidez CEOE patronala eratu zen frankismoaren ostean eta bere bazkide euskalduna CONFEBASK izango litzateke. Gure inguruan Adegi gipuzkoarra, Cebek bizkaitarra edo SEA arabako patronalak aurki ditzakegu.


Estatuaren papera


Estatuaren zeregin garrantzitsuena lan mundua erregulatzea izango litzateke, hau da, langile eta enpresarien arteko harremanak antolatzea legeen bidez. Bertan sartuko litzake “kontzertazioa”, sindikatuen eta patronalaren arteko adostasun egoera bat, non estatuak bitartekari papera jokatzen duen.

Kontzertazioa asko ematen den egoera bat da iparraldeko estatuetan (Suedia, Norvegia…), baina bere punturik gorenena II mundu gerraren ostean eman zen. Garai honetan lortu ziren langileen eskubideak inoiz baino gehiago garatzea eta estatuak sindikatu eta patronalen arteko harremanetan esku hartzeagatik lortu zen.

Erregulazioa praktikara eramatean, ageriena legeak egitea da, baina lan egiterako orduan ere administrazioaren esku hartze zuzena eman daiteke, lan ikuskaritzaren bitartez:

“Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako Zuzendaritza Nagusiak, bere gain hartzen du oinarrizko helburu gisa, enpresek eta langileek lan eta gizarte-gaietan dituzten betebeharrak borondatez bete ditzaten bultzatzea. Horretarako, prebentziozko jarduerak hala nola neurri zuzentzaile edota zehatzaileak garatu ditu hainbat bideren bidez: langilearen osasunari eta gizarte segurantzari dagozkion xedapenak edo gizarte-arloko arauak betetzeko errekerimenduak, Gizarte Segurantzako kuotak eta antzeko kontzeptuak ordaintzeko errekerimenduak, gizarte-arloko zehapenak jartzeko arau-hausteko aktak, eta likidazio-aktak edota Gizarte Segurantzako kuotak kitatzeko gainerako agiriak.”

Ikuskaritzaren zeregin ohikoenak, egunerokotasunean gehien ematen direnak, lantegi batean ea segurtasun neurriak betetzen diren edo egoera legala betetzen den (kontratuak etab.) izan daitezke. Gainera, sindikatuen eta lanpostuen krisietan ere bitartekari lana egiten du, aurrerago aipatu dugun lana eginez. Euskal autonomi erkidegoan Lan Ikuskaritzak bere delegazioa du, Espainia mailan autonomiaka antolatuta baitago, eta euskal delegazioak barneratzen ditu aipatutako funtzioak. Hala ere, webgunean bereganatzen dituen funtzio guztiak aurkitu daitezke: http://bit.ly/2g25nLf


Osalan



OSALAN Euskadiko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutua da eta 1993.urtean sortu zen. Osalanen helburua laneko segurtasunaren, higieneraren, ingurumenaren eta osasunaren esparruan, euskadiko lan inguruan gertatzen diren ekintza guztiak organo tekniko bakarrean koordinatzea eta zentralizatzea da. Baita ere, populazio langileari aitortutako eskubideak hornitzea da.

Orduan, hau guztia egiteko osalanek bere gain hartzen ditu langileen osasuna eta segurtasuna sustatzeko prebentzio lanak. Prebentzio lanak sustatu ahal izateko jarduerak burutzen dituzte.

Baina garrantzitsuena Osalanen funtzioak dira, eta honako hauek izango litzateke:

  • Laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen zergatiak ikertzea

  • Segurtasunaren gaineko kontrolak programatzea eta garatzea enpresetan

  • Informazioko eta prestakuntzako jarduerak antolatzea eta garatze laneko segurtasunari eta osasunari dagokionez.


Erronka Berriak


Lan munduak aurreko eragile guztiengan ondorioa duten zenbait erronka berri ditu gaur egun. Plantea dezakegun lehenengoa gazteriak eta lan munduak duten harremana izan daiteke, erabat prekariotzat dena. Alde batetik gazteria da laneratzeko, lan mundura sartzeko ezaugarririk hoberenak dituena (lan gaitasuna, indarra, prestutasuna…), baina bestetik, enpresariek kontuan hartzen dute gazteak erraz egin dezaketela aurreko egoerara buelta, bai gurasoen etxera bueltatu, bai ikastera berriro. Honen ondorio zuzen gazteriaren prekarizazioa da, gazteek ezin dutelako lan mundura salto definitiboa egin eta berez pausu zehatz bat izan beharko litzatekeena, etengabeko bidezidorra bihurtzen da.

Beste erronketako bat inmigrazioa da. Historikoki sindikatuentzat jarrera kontrajarriak sortu dituen arazo bat da, alde batetik inmigranteekiko elkartasuna erakutsi dutelako, baina era berean herrian bertan jatorria duten langileen laneratzea defendatu nahi izan dutelako. Patronalen ikuspuntutik, ordea, askoz sinpleagoa da, langileak behar direnean inmigrazioa onartu edo ontzat ematen dute, eta lana eskasagoa denean ez dute inmigranteen beharrik.

Azkenik, egoera prekarioan dagoen beste kolektibo bat emakumea da. Emakumeak ez du hiru hemisferioen eskema mantentzen (8 ordu lan, 8 lo, 8 libre), baizik eta besteentzat egiten duen lana lan erreproduktiboekin konpatibilizatzera beharturik dago. Azkenaldian lan handia egiten ari da kontziliazioa eta koardura garatu ahal izateko, baina emakumearen polibalentzia goraipatzen denez beti, barneratu egiten da emakumea dena lan hori egiteko arduraduna.

Entradas destacadas
Entradas recientes
Archivo
Buscar por tags
No hay etiquetas aún.
Síguenos
  • Facebook Basic Square
  • Twitter Basic Square
  • Google+ Basic Square
bottom of page